IKASGAIAREN AMAIERA IRITSI DA!
Kaixo lagunak!
Gaurkoan hasieran
egin nuen bidaia mapa abiapuntu hartu eta ikasgai honetan landu dugunarekin bat
egingo dut. Modu honetan, ikasgaiari amaiera ematen hasiko naiz.
Bidaia mapan,
ikasgaian ikastea gustatuko litzaizkidaken gaiak abiapuntutzat hartuta,
Piageten aldiak eta Dienesen proposamena landu ez ditugula konturatu naiz. Bestalde,
metodologia asko landu ditugun arren, beste
herrialde batzuetan erabiltzen diren metodologiak landu ez ditugula
ohartu naiz.
Espazioaren
antolaketa ere zeharka landu dugun gai bat izan den arren, honen inguruko
hausnarketa sakonago bat egitea gustatuko litzaidake jarraian. Jiménezek (2003) adierazten duenez, ikastetxeetan
ikerketak oinarri hartzeko, honako aldaketa edo egokitzapenak egitea
beharrezkoa da: denbora, espazioa eta pertsonarteko harremanak.
Denborari dagokionean, Jiménezek (2003) adierazten duena
abiapuntu hartuta, ikastetxeak honen birmoldaketa bat egiteko beharrean daudela
uste dut. Ikastetxeek gaur egun dituzten ordutegiek eta irakasleek curriculuma
betetzeko duten presioa kontutan hartzen badugu, ikasleei beraien ikaskuntza-irakaskuntza
prozesuaren protagonista eta honen parte-hartzaile aktibo izateko aukera gutxi
eskaintzen zaizkiela uste dut.
Ordutegi eta curriculum horren barnean ikasgaika
banatutako orduak izaten dituzte, ikasgai bakoitza ordu betekoa izaten delarik
gutxi gorabehera eta bakoitza
bestearengandik banatuta eta bata bestearen artean erlazioak ezarri gabe
lantzen dira. Hori horrela izanik, ikasleek aukera gutxi izaten dituzte
problemak identifikatu eta galderak eta hipotesiak egiteko, jarduerak proposatzeko,
informazio bilketak burutzeko, ondorioak ateratzeko, hausnartzeko, etab. Beraz, ikastetxeek duten denboraren
antolaketa dela eta, ikerketari eskaini diezaioketen denbora oso txikia edo
ezereza izaten da.
Aurretik aipatutakoa aldatzeko edo egokitzeko, ikasgaika
antolatutako ordutegi horietan moldaketak egin behar direla uste dut, ikasgaien
artean erlazioak eginez, ikasgai bakoitza banatuta landu beharrean denen artek
lotura egin eta metodologia berrien erabilera eginez. Aldaketa hau egiteko
lehen pausoa, proiektukako metodologia izan daitekeela bururatzen zait.
Ikasgelan arazo edo problema batetik proiektu bat sor daiteke eta proiektu hori
abiapuntu hartuta ikasgai gehienen lanketa bultzatu daiteke, ikerketan
oinarritutako ikaskuntza-irakaskuntza prozesua izanez.
Espazioari dagokionean, denboraren antolaketaren antzera,
honen moldaketa bat egiteko beharra dagoela ikusi dut. Izan ere, gaur egungo
Lehen Hezkuntzako ikasgela gehienetan mahaiez betetako espazioak eta aukera
gutxi eskaintzen dutenak aurki ditzakegu. Jiménezek (2003) adierazten duen
moduan, txokoak eta esperimentazioa bultzatuko duten tailerrak eraikitzea oso
ideia ona dela uste dut. Hori horrela izanik, ikerketa bideratzeko aukera
anitzak izango ditu irakasle bakoitzak, txoko edo tailer bakoitzean material
eta ekintza anitzak ikasleen eskura jarriz. Modu honetan, ikasleen motibazioa,
autonomia eta kooperazioa bultzatuko dira.
Espazioaren moldaketa hori abiapuntu hartuta, ulertzea
zaila egiten zaidan ideia bat azaldu nahiko nuke. Haur Hezkuntzako geletan
praktikak egiten aritu ostean, ikasle hauentzat egokitutako gelak txokoz eta
tailer anitzez osatuta daudela ikusi dut. Ikasleek txoko hauetan parte hartzeko
izaten duten motibazioa handia dela konturatu naiz, bakoitzaren interesak
abiapuntu hartuta txoko batera edo bestera joateko aukera izaten dutelarik.
Gainera, txoko hauetan autonomia izugarri lantzen dutela
uste dut, bakoitzak erabakitzen baitu zer, nola, noiz, norekin, etab. egin nahi
duen. Bestalde, txokoetan ikaskuntza handiak izaten dituztela ikusi dut,
beraien kabuz esperimentatuz ideia eta galdera asko sortzen baitzaizkie, hauek
ebazteko bide ezberdinak hartzen dituztelarik. Galdera horien ebazpenak
lortzeko, gainerako ikaskideen eta irakaslearen laguntza eskatzen dute askotan,
kooperazioa bultzatzen delarik eta sortutako kezka horietatik abiatuz ikasgela
osoaren artean ebatzi dezaketen ikerketa prozesu bat martxan jartzen dela ikusi
dut. Kooperazioa jardutea oso garrantzitsua dela uste dut, izan ere, Ollerrek (2011) bere artikuluan esaten duen
moduan, kooperazioaren bitartez bata bestearengandik ikasteko aukera ematen
zaie ikasleei eta irakasleak berak ere ezagutza berriak ikasteko aukera izan
dezake.
Haur Hezkuntzako geletan modu honetan jarduten dutela
ikusita, zergatik jartzen ditugu ikasleak Lehen Hezkuntzara igarotzean
mahaietan eserita, irakasleak jakitunak eta informazio transmititzen dutenak
bilakatuz?. Ez al litzateke esanguratsuagoa izango Lehen Hezkuntzan ere txoko
eta tailerretan oinarritutako antolaketa horrekin jarraitzea?. Zergatik ematen
da Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara horrelako aldaketa handia, Haur
Hezkuntzan jarraitzen den espazio antolaketak ikasleengan onura anitzak dituela
jakinik?.
Aurretik aipatu ditudan galderei eta landu gabe geratu
zaizkidan hasieran aipatutako gai horiei egunen batean erantzuna aurkituko
diedala pentsatua, sarrera hau amaitutzat ematen dut.
Beste bat arte lagunak!
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina