MATEMATIKA MANIPULATIBOAREKIN JOLASEAN
Kaixo lagunak!
Praktikaldia amaitzear den honetan, azkeneko egun hauetan izan dudan esperientziari buruz hitz egin nahi dizuet. Dakizuen bezala, matematika manipulatiboa asko gustatzen zaidan gaietako bat da. Hori horrela izanik, gaurkoan matematika manipulatiboa abiapuntu hartuta egin ditugun jolasei buruz hitz egingo dizuet. Ikasgelan
talde txikitan (4 ikasle talde bakoitzean) jolas kooperatiboak landu ditugu.
Jolas horietako hiru matematika manipulatiboaren erabilera eginez izan da.
Jolasetako bat
hamarrekoak lantzeko helburuarekin proposatu dugu. Jolas horretan, lehenengo
hamarreko poltsatxoak egin dituzte ikasleek. Ikasle bakoitzak 10 poltsatxo egin
ditu.Poltsatxoak egin ondoren, nik zenbaki bat ematen nien ikasle bakoitzari
eta zenbaki hori osatzeko zenbat hamarreko eta zenbat bateko behar dituzten
irudikatu dute. Horrela zenbaki bat baino gehiagorekin, hamarrekoen kontzeptua
behin baino gehiagotan landuz.
Bigarren jolasa
batuketak eta kenketak lantzeko helburuarekin proposatu dugu. Horretarako,
lehen gizakiaren gaia lantzen ari garenez eta hauek harrien erabilera handia
egiten zutela abiapuntu hartuta, harrietan batuketa eta kenketa batzuk
irudikatu ditugu, beste harri multzo batean hauen emaitzak irudikatu
ditugularik. Ikasleek, harrietan proposatzen ziren batuketa eta kenketa horien
emaitza kokatu behar zuten ondoan.
Hirugarren jolasa
bikoitiak eta bakoitiak lantzeko izan da. Horretarako, irakasleak arebelan bi
zutabe egin ditu, batean bakoitiak eta bestean bikoitiak idatzi duelarik.
Ondoren, ikasleak banaka euren mahaietatik altxa eta irakasleak ematen zion
zenbakia zutabe horietako batean kokatu behar zuen. Horretan laguntzeko,
arbelean bertan kokatuta dagoen zenbakien taularen erabilera egin dute. Taula
horretan bakoitiak zuriz margotuta daude, bikoitiak aldiz, horiz.
Jolas hauek egitean, ikasleekin harrituta
gelditu naizela esan behar dut. Praktikaldi guztian zehar manipulatiboki landu duguna ulertu
dutela konturatu naiz jolas hauek egin ditugunean. Kontzeptuak barneratu
dituzte eta jolasak egiteko ez dute inongo zailtasunik izan. Oso pozgarria izan
da nire praktikaldian zehar izan duten
garapena ikustea. Bestalde, matematika manipulatiboki lantzea oso
esanguratsua dela konturatu naiz. Ikasleek kontzeptuak hobeto ulertzeko bidea
dela ikasi dut eta honen erabilera gehiagotan egitea beharrezkoa dela hausnartu
dut.
Praktikaldian izandako esperientzia guztia kontuan izanda, matematika manipulatiboari buruz gehiago jakiten eta ikasten jarraitzeko motibazioa piztu zait. Aurrerantzean gai honen inguruan formakuntzak jasotzen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Beste bat arte lagunak!

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina