PRAKTIKETAKO ESPERIENTZIA

Kaixo lagunak!

Gaurkoan praktiketan izandako esperientziari buruz hitz egingo dizuet. Matematika manipulatiboen gaiari lotuta, praktikak egiten ari naizen ikastetxean asteko egun guztietan egunean ordubetez aritzen dira matematika manipulatiboa egiten.

Hamarrekoa kontzeptua nola landu duten azalduko dizuet jarraian. Irakasleak sortuta zituen material ezberdinak erabili ditugu, hala nola, babarrunak, potetxoak, paperezko autobus bat eta kotxeak eta animalien irudiak.



Lehenik, irakasleak babarruna guztiak (103) lurrean zabaldu ditu. Hamar ikasleri potetxoak eman dizkie eta potetxo bakoitzean hamar babarruna sartzeko adierazi die irakasleak. Ikasleek hau egin ondoren, paperezko autobus bat (hamar eserlekurekin eta belkroz osatuta), hamar kotxe (eserleku bakarra eta belkroz osatuta) eta hogei animalia irudi erakutsi dizkie ikasleei. Irakasleak honakoa adierazi die: hamar animalia autobusean sartuko ditugu eta beste hamarrak kotxeetan kokatuko ditugu.



Behin autobusa eta kotxeak beteta, irakasleak autobusa hamarrekoa dela adierazi die, hamar animaliaz osatuta dagoelako. Behin hau adierazita honakoa galdetu die: Nola egin dezakegu animaliak kotxeetan joan beharrean, autobusean joateko?. Ikasleek erantzun anitzak eman dituzte baina, ondorio honetara iritsi dira: beste hamarreko autobus bat ekarriko dugu kotxeetan dauden animaliak sartzeko. Lanketa honekin hamarrekoaren kontzeptua lantzen hasi dira.



Autobus eta kotxeen jolas hau egin ondoren, berriz babarruna eta potetxoetara bueltatu dira. Irakasleak honakoa galdetu die: potetxoei nola deituko diegu?. Ikasleek honakoa erantzun dute: hamarreko potetxoak. Ondoren, hamarreko hamar potetxo zituztenez, arbelean batuketa egin dute denen artean eta denera 100 babarruna bildu dituztela ikusi dute. Hiru babarruna bakarrik gelditu zaizkie soberan.

Irakaslearekin hitz egiten aritu naiz gai honi buruz eta hamarrekoen kontzeptua manipulatiboki landu ondoren, fitxak betetzeari ekingo diogula adierazi dit. Modu honetan manipulatiboki landu dutena, idatziz egiteko gaitasuna landuko dute, kontzeptuak finkatzen joanez. 
Matematika lantzeko modu hau ikustean eta ikasleek kontzeptua ulertzeko izan duten erraztasuna kontuan izanik, oso pozik sentitu naiz. Nik matematika horrela lantzen ez nuela kontuan izanda, gaur egungo ikastetxeetan matematika lantzeko moduak aldatzen hasi direla konturatu naiz eta honek ikasleengan duen eragina handiagoa dela ikusi dut. Ikaskuntza-irakaskuntza esanguratsua bihurtzeko bidea dela konturatu naiz. 

Irakasleak material asko ditu jadanik sortuta eta ez matematika soilik lantzeko, irakurketa-idazketa ere material manipulatiboa erabiliz lantzen dute askotan, beraz bestelako ikasgaiak ere modu honetan landu daitezkeela ondorioztatu dut. 

Hori horrela izanik, praktikaldi honetan zehar, material manipulatiboa erabiliz ikaskuntza-irakaskuntza nola bideratu behar den ikusteko eta ikasteko aukera izango dudala uste dut. Horretaz gain, irakaslearekin batera material ezberdinen sorkuntza parte-hartzea ere gustatuko litzaidake. 

Beste bat arte lagunak!





 




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

MATEMATIKA MANIPULATIBOAREKIN JOLASEAN

MATEMATIKA MANIPULATIBOA

MATEMATIKETAN